Huntza + Burutik 2024-2-3 Bilbao Arena (Miribilla, Bilbo)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-04-07 18:08

pyromanya@hotmail.com 1712507281814

                                             GOIAREN GOIAN AGURTZEA

Durangoko jaietan izan zen, urriaren 20an. Ezkurdia plaza lepo beteta, milaka pertsona dantzan eta kantuan. Gehienak oso gazteak, gainera. Taula gainean, energiaz betetako seikote gaztea; haiek ikusi genituen lehen aldia zen. Transmititu zituzten indarra, oholtza-gosea eta dinamismoa ikusgarriak izan ziren. Eragin musikalak argi dauzkan taldea izanda ere, beraien idoloek baino kaña gehiago sartu zuten eta sartzen dute. Abiadura eta indarra da akaso bere eraginetatik bereizten dituen faktore nagusia, ñabardurak ñabardura.

Agurraren biran sartuta zeuden ordurako, azken kontzertuak eta despedidaren data iragarrita baitzeuden. Azken agurra zortzi mila pertsonako aretoa beteta egin dute: lorpen harrigarria eta gure musikaren atal onenen parekoa, inondik ere. Gainera, botere guzti hori euskal musikaren zati handi bati eta euskal izateari ere eskaini diote, Hertzainak taldeak duela urte bete pasatxo egin zuen moduan, gure herriaren garaikur moduko batean bihurtuaz. Horrez gain, telonero bat ere ekarri zuten eta Iruñeko Burutik taldeak sekulako aukera erdietsi zuen, ordu erdiko emanaldia bakarrik izan bazen ere.

Boskoteak akordeoia erabiltzen duenez, ez da guztiz urruntzen Huntzaren estilotik. Hala ere, rock marka handia daukan taldea denez, parametro ezberdinetan kokatu behar dugu. Miribilla auzoko Bilbao Arenan egiten diren ekitaldietan gertatu ohi zaigun moduan, kontzertua hasi baino ordu bete lehenago jada Bilbao Arenako aparkalekua beteta zegoenez, eta hiru ordu laurden kotxearekin bueltaka aparkaleku bila ibili ginenez, zortziretan puntuan iritsi ginen aretora: kontzertuaren hasiera-orduan, hain justu. Gainera, sarreran akreditazioarekin arazo bat izan genuen, eta horrek Burutik taldearen abesti batzuk galtzera eraman gintuen. Egia da antolatzaileek azkar konpondu zutela afera, baina pasa ziren hamar minutu horiek eta eserlekuaren bilaketa zirela eta, nahi baino beranduago hasi ginen lanean.

Lehen taldea izateko jende dexente zegoen han jada, eta giroa oso atsegina zen gainera. Villalibre futbolaria eta Fermin Muguruza gugandik nahiko gertu zeuden eserita. Oholtzara gonbidatutakoez aparte bertaratutako famatuen zerrenda oso zabala izan zenaren susmoa daukagu. Oholtza gainetik, berriz, energia berezia nabaritzen genuen. Inor ere ez izatekotan horren adibide garbia dugu. Balantzaren jokoa sakontasun berezi baten jabe da eta jarraitzaileetako asko bere triki-rap, erritmo aldaketa eta garapenetan harrapatu zituztela garbi geratu zen. Lehen taldea izanda, alboetako pantaila erraldoiak itzalita zeuden eta gu geunden lekutik zaila zen bisualki bederen ñabardura handirik nabaritzea.

Energiarik ez zitzaien falta izan, eta gitarrek loditasun berezia erakutsi zuten Uxoa aski ederrean. Esan gabe doa honek ere akordeoiaren boterea erakutsi zuela: gitarraren bidelagun, bai, baina haren gainetik inoiz ere ez. Kontzertuak amaitzeko hainbat kantu boteretsu aukeratzeko dauzkaten arren, Atzoko gai bera hautaketa biribila izan zen, daukan epika puntuarekin eta errepika sarkorrak bultzatuta goairen goian utzi baitzuten. Taldea lehenengo aldiz ikusteko aukera polita izan bazen ere, emanaldi luzeago bat ikusteko irrikaz geratu ginen. Edozein lekutan egingo genuke, baina areto batean bada, harik eta hobe. Badauka etorkizuna talde honek.

Ordu erdi pasatxoko etenaldiaren ostean, Baga Biga-Higa kantua entzun zen bozgorailuetatik. Segidan, irrintziak aretoko hainbat lekutatik, azkenik oholtzara iristeraino. Huntza lehertzera irten zen hasieratik, Promesetan kantuaren indarrak bultzatuta. Ikustekoa izan zen jendearen erantzuna eta euforia sentsazioa. Jarraian, azken diskoko kantuen magia guztia eskaini ziguten Odoletan harrigarriarekin, egitura aldakor eta zertxobait konplexuak, erritmo bizia eta aldaketa gustagarriak direla eta. Lehen diskoaren boterea ere agerian geratu zen ondorengo hirukotearekin: Kalabazak, Hautsetatik eta Gaztetxeak bizirik, hurrenez hurren jo zituzten. Haietatik bigarrenean lehen gonbidatua igo zen, bere Huntzaren aurkezpena eta aldarriarekin aretoa sutan jarri zuen Xabi Solano, taldean eragina izan zuen artistetako bat. Hirugarrenean Ebri Knight kataluniarrak taularatu ziren eta kantuari ukitu berezia eman zioten, batez ere flautaren presentziagatik.

Segidan, taldearen altxorretako bat: Elurretan. Azken hamar urteotan argitaratu den single bikoitzik onenetakoaren A aldea, sentibera, melodikoki zoragarria eta kalitatez josia. Gonbidatu gehiago: Olatz Salvador eta Iraitz Agirrek Harro gaude kantuan kolaboratu zuten. Badauka kantu horrek Amak taldearen kutsu bat, nahiz eta haiek sortu baino lehenagokoa den.

Orduan, Franco Battiatoren abesti baten bertsioari Hemendik At taldearen Sex-sua lotu zioten; gogo onez dantzatu zuen jendeak. Transmisio lana egin zuten hor ere, abesti hori argitaratu zenean ikuslegoaren zati handi bat oraindik jaio gabea zelako. Bartzelonako Stay Homas taldeko bi partaide irten ziren Haizeak abestian abestu eta dantzatzera. Damutu asko bat-batean gelditu, eta bateria solo motz baina eraginkorra egin zuen Peru Altubek, Uxue Amonarrizen panderoak lagunduta: emaitza ikusgarria izan zen. Deabruak gara beste gerra oihu bat da, ikuslegoak bereziki eskertu zuen horietakoa. Jarraian, emanaldi osoko momenturik hunkigarrienetako batzuk bizitu genituen, igo ziren sei pertsonen garrantziagatik eta erakutsi zuten emozioagatik. Hiru bikote taularatu ziren: Amaia eta Kristina (M-en Ezten taldean ibilitakoak), Maixa ta Ixiar eta Alaitz eta Maider.

Txandaka kantatu zuen bikote bakoitzak Huntzarekin, beste bi bikoteek atzean kantatu, dantza egin edota soinua jotzen zuten bitartean. Hala bada, Amaia eta Kristinak M-en Ezten taldean zeudenean grabatu zuten 104 izan zen lehena (jatorriz 104 ilargi bete izena zuen kantak eta talde hura sortu baino lehen bikote bezala grabatua zuten), gero Maixa ta Ixiarrek Bexamela eta pastela-ri ekin zioten —betiere Huntza taldearekin batera—, eta, azkenik, Alaitz eta Maiderrekin Txanpon baten truke jo zuten. Leherketa handia sortu zuten, eta euskal musikaren garai txundigarri hura, triki-poparena alegia, gogoz biziberritu zuten. Amaitzean elkarri eman zizkioten besarkada estuek eta maitasun keinuek asko esan nahi dute. Gainera, gure begien aurrean lehen aldiz ikusi genituen guztiak oholtza berean.

Gero, Ekaitz Goikoetxea eta Maialen Akizuren bertsoek deskantsua eman zioten taldeari, eta Olatu bat aukeratu zuten berriro ekiteko. Hasiera liluragarria dauka, beste hainbat kantuk bezala, berriro ere ahotsaren edertasunak eta botereak markatzen duena. Bai kantu honek zein hurrengo bostek ere soka sekzioa izan zuten bidelagun. Kantuei beste atmosfera bat eman zion horrek, akaso bizpahiru kantarekin nahikoa izan zitekeen arren. Olatu bat eta Parent(h)esiak (bigarren honetan Desgaraian taldeko Jon Gurrutxagaren kolaborazioa izan zuen) bereziki biluziak izan baziren, hurrengo hiruretan soka sekzioari formatu elektrikoa gehitu zieten. Beraz, Gauerdiko biolinak, Agur Itaka (Pablo Novoaren laguntzarekin) eta Poema nekatu bat kantuek bestelako indarra erakutsi zuten. Azken hori amaitzerakoan Josunek eta Uxuek elkarri besarkada luze eta sentitua eman zioten.

Segidan, Gigi D’agostino DJ italiarraren L’amour Toujours-en zati bat jo zuten eta, horri lotuta, eurodance estiloko Alemaniako Cascada taldearen Everytime We Touch, aretoko gazteria osoa saltoka jarri zuena. Kantutegi propiora bueltatuta, Izan nahi dut baliatu zuten jendea lurrean kukubilko jartzeko. Gero, zutik jartzearekin batera, pabiloi osoak jauzi egin, eta oihu hunkigarri kolektiboa bota zuen. ETSko Iñigo Etxezarreta eta beste bi partaidek Buruz behera kantatu zuten, eta Niko Etxartek Euskal rock & roll mitikoa. Estiloagatik kantu hori apur bat lekuz kanpo zegoen arren, laster hartu zuen oholtza, eta bukaeran jaso zituen animoak nabarmenak izan ziren. Ez du Altzürukutarrak askorik behar pabilioi oso bat kantuan eta dantzan ipintzeko. Bide batez, kantu hau jotzea batere erraza ez dela nabarmendu nahi dugu, hala dirudien arren. Gau honetan zertxobait arraro gelditu zen, Huntzaren estilotik dezente urrun dagoelako akaso. Ez zion, horrek, ordea, inolako eragozpenik eragin ez taldeari ezta publikoari ere. Festa totalak aurrera jarraitu zuen.

Ondoren, Nogen taldekoek Zelatari-n lagundu zuten, 17:21-ren leherketa apartekoa baino lehen. Aurrez ondo prestatutako errepertorioa izan zen. Hori dela eta, azken sei kantuen grina eta emozioa gogoratzeko modukoak izan ziren: Aldapan gora —«honekin hasi zen dena», haiek esan zuten moduan—, Pont Aeri-ren Flying Free —jendea sutan zela—, lehen aipatu singleko bigarren kanta, Zer izan —Tremenda Jauriakoak eta (ipurdi) dantza talde bat lagun hartuta—, Ilusioz bete, Iñundik iñoare, eta dena amaitu zela zirudienean, Lasai, lasai-ren azken errematea. Josune eta Uxue, oholtzaren jabe eta emozioen transmititzaile, malkoei ezin eutsirik egon ziren hainbatetan. Ez da gutxiagorako: hamar urteko ibilbidea gailurrean utzi dute, eta azken agurra, Hertzainak taldeak egin zuen modura, euskal izatearen aldarri festa bilakatu dute.

Hogeita hamabi pieza izan ziren guztira, bertsoak eta bertsioak barne; beraz, ia errepertorio osoa jo zuten: zazpi kantu bakarrik utzi zituzten kanpoan. Faltan somatu genituen Punta punte bi lehergarria eta Arin-Arina? eta bere fusio gozagarria. Baina ezingo diegu dena jotzeko eskatu! Maila honetako talde bat banatzen den bakoitzean, eta azken aldian askotxo ikusten ari gara hori, tristura sentitzen dugu eta zer pentsatua ere ematen digu. Laster proiektu berriak sortuko direnez, kateak nolabait eten gabe jarraituko duenaren esperantza daukagu. Gainera, goiaren goian utzi nahi bazuten, argi eta garbi lortu zutela esan behar dugu. Zortzi mila ikusle, omenaldi eta kolaborazio ugari, jendearen partaidetza, emanaldiaren indarra eta kalitatea, euskal kulturaren aldarria, gure hizkuntzaren presentzia eta beraien eragin musikalei omenaldia izan baitzen, hori dena batera eta akaso gehiago, Bilbao Arenan bizitu genuena. Uxue eta Josuneren hitz politak, besarkadak, negarrak eta hunkipenak ez zieten kontzertu oso profesionala ematea eragotzi. Are gehiago: akaso osagai zirraragarriago bat eman zioten.

Badakigu Josune Arakistainek bere proiektuak dauzkala, eta besteak ere geldirik egongo ez direnaren susmoa eta esperantza daukagu. Huntza taldeak Triki-poparen berrindartzea (berrasmatzea esatea gehiegi izan baitaiteke) eta akaso birformulatzea bultzatu ditu. Manera eta ukitu berriak sartu dituzte, fusioan sakondu, rock bultzada handiagoa eman, eta plaza musika, gure tradiziorik preziatuenetakoa, berreskuratu dute. Nork beteko du haiek utzitako hutsunea? Erantzunik ez daukagu momentuz, baina, ezberdintasunak ezberdintasun, gau honetako teloneroek badaukate aipatu zenbait kontzepturen betetzeko ahalmena. Egin dezagun apustu horrelako taldeen alde eta bultzatu ditzagun haien emanaldiak giro hori berbizitzen saiatzeko.


Utzi iruzkina: