Usain ezagunak

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2019-12-10 13:35
1

sosiuz 1576148588046

Jakinekoa da gure garuneko usainen biltegian zapore askotako oroitzapenak gordeta daudela. Begiak itxita ere, leku edo momentu bateko usaina sudurraren parean jarrita, asmatu ahalko genuke non, norekin edo zela geunden usain hori hartu genuenean. Eta guk, etxeko usaina hartu diogu Teneriferi. Bajamar herrira heldu eta etxean geundela sentitu genuen, bakar-bakarrik Atlantikoak txoko horretan duen usain gazi endemikoa usainduta. Babesleku goxoa izan zen aurreko bidaian eta halaxe izaten ari da oraingoan ere.

Izan ere, heldu garenetik, orduko lagunak, sare sozialei esker ezagutu ditugunak eta sarea zabaltzearen ondorioz ezagutu ditugunak (lagunen lagunen lagunak... kate luze hori) izan ditugu gertu eta hilabete pasatxo bada ere etorri ginela, erraz bertakotu gara.

Usainetik zaporera: papa ximurtuak, saltsak, potajeak, ahuntz gaztaiak, arepak, gofioa... Berriz ere gure menuan sartu ditugu.

Zaporetik ukimenera: besarkadak, laztanak, haitz bolkaniko latzak, kaktusen eta gaztaina morkotsen arantzak, itsaso freskoa, Charco del Ginchoko ur gardeneko arraintxoen kili-kiliak... gozatu eta sufritu ditugu.

Ukimenetik entzumenera: olatuen soinu etenik gabea; haizeak dantzarazten dituen palmondo eta dragoen murmurioa; hegaztien txorrotxioa; "muchacho!" "agüita!" "mi niña!" deiadar goxoak; kanariar ipuin, kondaira, txistu (silbo), perkusio eta kantuak "Festival Internacional de Cuentacuentos de Los Silos" eta LNB jaialdietan... barneratu zaizkigu.

Entzumenetik ikusmenera: Teide handia, Teide handia elurtuta, Teide handia iluntzean, mila urte baino gehiagoko dragoa, itsas-bazterrak, amildegiak, ortzimuga, ostadarrak, lainoak, irriparrak, Icod de los Vinoseko San Andres jaietako eromena goitibeherekin, jolasak, ilargia, aspaldi ikusi gabeko landare eta animaliak... txundigarri izan zaizkigu behin eta berriz.

Sentitu ditugu berriz Kanariar irletan egotearen plazera, harrera ezin bero eta goxoagoa, haizearen eta eguzkiaren igurtzi leuna... "Bienvenidas al paraíso!" esan digute behin baino gehiagotan. Eta bai, izan daiteke paradisua, baina zuek guztiok falta zarete. Falta ez, gure bihotzetan gordeta zaituztegu, dordokak oskolean behar duen guztia daukan bezala, eta behar dugun guztietan, zuekin gogoratzen gara eta amets egiten dugu hemen zaudetela, edo han gaudela.

Hemen laburpen labur bat iruditan:

   
     
     
     

 

Deskubritu ditugun musikak

Mar'a taldea ezagutu dugu. Musika ederra eskaintzen du: https://www.youtube.com/watch?v=FIrekLcF_qU

Pieles taldeak tradizioa berrituta eskaintzen du bere ikuskizunetan, perkusioa oinarri: https://www.youtube.com/watch?v=VpD71qxvbE0

 


Utzi iruzkina: